Eskutik lantegia
Eskutik lantegian pilotak, xisterak, eskularruak eta xareak egiten ditugu.
Eskutik enpresa 2015an abiatu zen Saran, LUKUGARAI aita-seme pilota egileen 80 urtetik gorako jakitateari segida emanez. Ellande Alfaro Erramuzpek hartu zuen lekukoa eta laster elkartu zen pilotagintzan 30 urteko esperientzia zuen Martine Huguenard Ursuegi ere.
2022an aldiz, enpresatik kooperatibarako urratsa egin dugu. Bilakaera hortan pilotak egitetik, pilota jokamoldeen tresnak egitera ere pasatu gara.
Xare eta Eskularruak egiteko jakintza, gure baitarik egin ikerketen bidez eskuratu dugu. Xixtera egiteko berriz, 40 urteetako esperientzia duten Lopetegi senar-emazteen transmisioari esker gureganatu dugu.
Gaur egun bost lankide ari gara egitasmo hunen urratsetan.
Transmisioa
Pilotako eskulangintza belaunaldiz-belaunaldi familia edo etxeetan transmititua izan bada ere, azken urteetan galtzear izan da. Zentzu horretan, transmisiorako berme nagusia kooperatiba sortzea delakoan 2022an halaxe egin genuen.
Kooperatiba sortzearekin batera, jakitatearen zabalkundean gure harria ekarri asmoz, noiztenka atelierrak egiten ditugu; bai eta, ikastaldian diren ikasleak errezibitzen ere.
Era berean, jokoa biziarazteko tresna pedagogiko berriak sortu eta egokitzeko proiektuak martxan ditugu: xirrixt eta iraitz pilota.
Etika
Ekonomia zirkularra
Pilotaren jatorrian bezala, ingurumeneko lehengai naturalak erabiltzeko xedea dugu. Zentzu hortan berrerabiltzeko edo eta berziklatzeko aukerak proposatzen ditugu: Pilota berriztatzea, Larru berritzea, Konponketak.
Ondarkinak berrerabili:
- Kotoia eta artilea biltzen dituzten kartoizko bobinak, ikastolek ikas material gisa berrerabiltzen dituzte
- Larru soberakinak, herri-kiroletako zaku ogak egiteko berrerabiltzen ditugu
- Tokiko lehengaiak erabiltzeko xedea dugu. Izan lehengaiak edo lan tresnak %100ean Euskal Herritik eskuratzeko helburua dugu. Bide horretan urratsez-urrats ari gara, ea lortzen dugun.